Oibar
Nafarroako erdi-mendebaleko udalerria eta ibarra (Zangozako merindadearen hegoaldea). Mugak: iparraldean; Irunberri, Urraulbeiti eta Ibargoiti; ekialdean, Zangoza; mendebalean, Leatxe eta Zare; hegoaldean, Kaseda. Garaiera, 569 m. 47,90 km2). 1998ko datuen arabera, 929 biztanle. Aragoi ibaiaren adarra den Bancerbera errekak iparralde hegoalde igarotzen du udalerria. Hizkuntza, gaztelania. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Euskara XX. mendean galdu da. Industria (janari industria, ehungintza; langileen % 48) eta nekazaritza (garia, garagarra, mahatsa, barazkiak, artoa, ardi azienda; langileen % 33,8) dira bertako ekonomia jarduera nagusiak. Dena dela, jende asko Zangozako industrietara joaten da lanera. Arteari dagokionez, aipagarriak dira XII. mendeko San Pedro eliza erromanikoa eta bertan gordetzen den izen bereko erretaula nagusia (XVII. m.). v Historia. Erromatarren garaiko aztarna ugari atzeman dira Oibarren. Nafarroako lehen erregeak gotortu zuen Oibar, kronikarien arabera. 882. urtean Gartzea erregea hil zuten bertan musulmanek. XIV. mendean zehar etengabeko istiluak gertatu ziren oibartar eta zangozatarren artean. Agramontarren eta beamontarren arteko guduetan Joan II.a erregeak, Vianako printzearen aitak, setiatu zuen. Vianako printzea setioa haustera hurbildu bazen ere, gudua galdu eta atxilo hartu zuten eta bere jarraitzaileak ihes egitera behartu. 1810. urtean Oibarreko Gudua izan zen Espoz eta Ilundainen eta frantsesen artean, eta 8 orduz borrokatu ondoren nagusitu zen Espoz eta Ilundain.