Ohlin, Bertil Gotthard
Suediar politikaria eta ekonomista (Klippan, Angelholm, 1899 - Stockholm, 1979). Nazioarteko merkataritza harremanen azterketarengatik ezaguna. 1977ko Ekonomiako Nobel saria irabazi zuen, James Meade britainiar ekonomistarekin batera. Ohlinen lanik ospetsuena Interregional and International Trade (1933, Eskualde arteko eta nazioarteko merkataritza trukea) da. Bertan azaltzen duen teoria bere irakasle izandako Eli Heckscher suediar ekonomistaren teoria baten egokitzapena da, Heckscher-Ohlin teoria izenaz ezaguna egun. Teoria horren arabera, nazio batek ondasunak sortuko baditu, baliabide ugari beharko ditu nazioan bertan; teoria horren arabera, halaber, nazio batek beste nazio batzuetatik inportatu beharko ditu ondasunak, baldin eta ondasun horiek egiteko nazio horrek ez dituen baliabideak behar baldin badira. Bestalde, zabaltasun handia izan duten teoriak sortu ditu politika makroekonomikoaz eta nazioarteko gerrako kalte ordainez. Ohlinek matematika, estatistika eta ekonomia ikasketak egin zituen, Lundeko Unibertsitatean, Stockholmeko Ekonomia Eskolan –Heckscherrek bertan ematen zituelako eskolak–, eta Cambridge eta Harvardeko unibertsitateetan. 1925ean Kopenhageko Unibertsitatean hasi zen eskolak ematen. Gero Heckscherren lekua hartu zuen Stockholmeko Ekonomia Eskolan, eta bertan eman zituen eskolak 1930etik 1965era. Suediako Legebiltzarreko kide izan zen 1938tik 1970era, eta Suediako Alderdi Liberaleko buru 1944tik 1967ra.
- ohitura
- ohituratu*
- ohitza
- ohitze
- ohizko
- Ohlin, Bertil Gotthard
- Ohm, Georg Simon
- ohm
- ohmmetro
- Ohnet, Georges
- ohoin