odonato
izond. Zool. Izen bereko ordenako intsektuez esaten da. Egituraz oso antzekoak dira odonato guztiak: oso buru higikorra, bi begi elkartu handi eta hiru ozelo txiki dituzte; antena laburrak; ahoa beheko ezpain oso garatu batez murtxikatzeko egokitua; mesotoraxa eta metatoraxa bat eginik, eta metatoraxa berriz askea; hiru hanka pare ia berdinak enborraren barrualdera giltzatuak, eta hiru tartsoko artexoak dituztela muturrean. Bi hego pare dituzte, lotunea hanken atzean dutenak, luzetarako zain askorekin eta hegal-estigma nabarmenak dituztela, eta sabelalde luzea, hamar segmentuz osatua. Odonatoak arrautza bidez ugaltzen dira, baina arrautzatik atera eta heldutasunera iritsi bitartean larba eta ninfa aldaeratatik igarotzen dira. Larba eta ninfa horiek, itxuraz, diren motako odonato helduaren antzekoak dira, baina batzuk eta besteek alde handiak dituzte batez ere murtxikatzeko aparatuan eta arnasketakoan; larbek eta ninfek begi txikiagoak dituzte, bestalde, baina antena luzeagoak eta gorputz laburragoa. Odonatoak haragijaleak dira; hegan dabiltzala harrapatzen dituzten intsektuak jaten dituzte. Odonatoak mundu guztian daude zabalduak, eskualde beroetan bereziki. Ordena honek bi azpiordena, anisepteroena eta zigopteroena, 28 familia eta 5.000 intsektu mota hartzen ditu. Ezagunenak mariburduntziak dira.