Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

nova

(Lat. nova stella, «izar berria»). iz. Astr. Leherketa baten ondorioz bat-batean eta denbora baterako bere distira areagotzen duen edozein motatako izarra. Novak gehienetan leherketaren aurretik begietarako ikustezinak dira, baina leherketaren ondoren haien argitasuna gutxienez ehunka aldiz eta gehienez 100.000 aldiz handiago gertatzen da. Nova baten distirarik handiena leherketaren ondoko orduetan izaten da. Argitasun handia eman dezake zenbait egunez edo astez; gero, argitasuna astiro apalduz doa zenbait aste edo urtean zehar leherketaren aurreko argitasun egoeran jarri arte. Nova izarren leherketa elkarren ondoan hurbil diren izar erraldoi gorriek eta nano zuriek osaturiko sistema bitarretan gertatu ohi da. Nano zuriaren azalean erraldoi gorriaren azaleko materialak pilatzen dira, haren grabitateak erakarrita; presioa eta tenperatura (zenbait milioi gradu Kelvin) gehituz doaz harik eta karbonoaren ziklo nuklearra abiatzen den arte. Erreakzio nuklear hauek tenperatura are gehiago goratzen dute eta erreakzio horien erritmoa lastertzen da. Modu horretara gertatzen den egoera egongaitzak nova izarra sortzen duen leherketa dakar, energia kopuru gaitza bat-batean libratzen baita. Gertakari honek hasierako bi argizagiak bereizten ditu eta, uste denez, zikloa berriro hasten da, 10.000/100.000 urteren barne beste leherketa bat sortu arte. Behaketen arabera, zenbait novak ziklo askoz laburragoa dute eta 10/100 urtean leherketa errepikatzen dute.