Nikolas Barikoa, santua
Mirako (Asia Txikia) artzapezpikua (IV. mendea). Kristau santu ezagunenetariko bat da hala ekialdeko nola mendebaleko elizetan; gaur egun Eguberrietako jaiekin lotua (Santa Klaus) ageri da. San Nikolasen bizitzaren berri ematen duen dokumenturik ez dago, baina tradizioaren arabera, Diokleziano enperadoreak espetxeratu zuen kristauen esetsaldian; Konstantinok askaturik, Nizeako Kontzilioan eskuhartu bide zuen. Elezahar anitzek haurren eta itsasgizonen babesle gisa aurkezten dute. Kristau ikonografian gehien irudikatutako santuetako bat da. Eguberrietan haurrentzako opariak dakartzan pertsonaia gisa germaniar herrialdeetan agertu zen lehenbizi; gero Eliza erreformatuen guneetatik gainerakoetara zabaldu zen. Errusiako patroia da. 1993an, Turkiatik gertu dagoen uharte batean, IV-VI. mendeko monumentu sail bat aurkitu da, eta dirudienez, han dago San Nikolasen hilobia.