Nikolas IIa (Nikolas Alexandrovitx)
Errusiako azken tsarra (San Petersburgo, 1868 - Ekaterinburg, 1918). 1894tik 1917a bitartean izan zen aginpidean; boltxebikeek hil zuten Urriko Iraultzaren ondoren. Alexandro III.aren semea eta ondorengoa zen. Barne politikari dagokionez, sistema autokratikoa eta Errusiaren batasuna mantentzea izan zuen helburu nagusia. Politika horren ondorioz Errusiako gutxiengoen kontrako eraso handiak izan ziren (juduak, armenioak) eta oposizio mota guztien aurkako zapalkuntza areagotu zen. Kanpo politikan, aitaren ildoari jarraitu zion: Finlandia, Polonia eta Baltikoko herrien kontra jarddun zuen, Frantziarekiko loturak estutu zituen eta 1899an Hagan bakearen aldeko lehen nazioarteko konferentzia antolatu zuen. Hala eta guztiz, Mantxurian zituen interesen kariaz, Errusiaren eta Japoniaren arteko gerra abiarazi zuen (1904-1905). Witte ministroak, Frantzia eta Belgikaren diru laguntzarekin, industriaren garapena bultzatu zuen. Ondorioz baldintza guztiz txarretan (12/14 lan ordu egunero, soldata urria) bizi ziren langileen kopurua guztiz handitu zen. Lan baldintzak hobetzea helburu zuten higikundeak gogor zapaldu ziren. Hala, 1905eko urtarrilaren 9an (Igande Gorria) askatasuna, amnistia eta zortzi orduko lana eskatzen zuten San Petersburgoko 135.000 manifestariek zapalkuntza izugarria jasan zuten (1.000 langile baino gehiago hilik). Witte kondeak sinarazi zion agiri bat oinarrizko askatasunak bermatuko zituen gobernu konstituzionala ezartzeko (1905eko urriak 17), baina berehala deuseztatu zuen lanean hasia zen duma konstituziogilea eta Stolypin jarri zuen gobernuburu. Gertakari horiek eta japoniarren aurkako gerra galtzeak “1905eko iraultza” izenez ezagutzen den matxinada piztu zuten (1905-1907); matxinatuak gogor zapaldu zituen. Austriak Serbiaren aurkako gerra aldarrikaturik, Nikolas II.ak mobilizazio orokorra agindu zuen (1914ko uztailaren 30a) eta Lehen Mundu Gerra abiatu zen (abuztuak 1). Nikolasek gerra zuzentzearren gortea utzi zuen eta aginpidea Alexandra emaztearen esku geratu zen. Horrek ondorio politiko erabakigarriak ekarri zituen, Rasputin fraidearen eraginpean zegoen Alexandrak haren lagunak jarri baitzituen gobernuan, ministroen eta ofizialen ordez. Gerra luzeak armada etsipenean murgildu zuen eta elikadura faltak eta desgobernuak herriaren haserrea areagotu zuen. 1917ko otsaileko iraultzak tsarra abdikatzera behartu zuen. Martxoan behin-behineko gobernuak tsarra eta emaztea preso hartu zituen. Lehenbizi Tobolsk-era eta gero Ekaterinburg-a eramanik, 1918ko uztailaren 17an beren familia guztiarekin batera hil zituzten Uraleko sobietaren aginduz.
- Nikolaev, Andrian Grigorevik
- Nikolaiev
- Nikolais, Alwin
- Nikolas Barikoa, santua
- Nikolas Ia
- Nikolas IIa (Nikolas Alexandrovitx)
- Nikolas
- Nikomako Gerasakoa
- Nikomedes Ia
- Nikosia
- nikotina