Nieva, Francisco
Espainiar idazlea (Valdepeñas, 1929). Antzerkirako lanak idatzi ditu gehienbat. Espainiako gerra ondoko antzerkiaren berritzaile handienetako bat izan da. Mugimendu postista-rekin egon zen harremanetan. Bere lanak ukitu bat baino gehiago ditu: Goyaren pinturarenak, Valle Inclánen esperpentoarenak, eta Alfred Jarry eta Artauden surrealismoarenak. “Fartsa eta kalamitatearen antzerkia” eta “Antzerki amorratua” multzoetan sailkatu izan du berak bere lana. Lehen multzoan lan hauek ditu, besteak beste: Tórtolas, crepúsculo y telón (1972), El rayo colgado (1975), El baile de los ardientes (1975); eta bigarrenean, La carroza de plomo candente (1973), Nosferatu (1975), Con sombra y quimera de Larra (1976) eta La señora tártara (1981), besteak beste. 1980an Antzerkiko Sari Nazionala irabazi zuen Los Baños de Argel lanaren muntaiarekin. 1986. urteaz geroztik Espainiako Hizkuntzaren Errege Akademiako kide da. Azken urteetan eleberriak idatzi ditu: Viaje a Pantaélica (1994), Carne de murciélago (1998). 1992an Letretako Asturiasko Printzea saria eta Literaturako Sari Nazionala eman zizkioten.