Nietzsche, Friedrich
Alemaniar filosofoa (Röcken, 1844 - Weimar, 1900). Bonn-en eta Leipzig-en filosofia klasikoa ikasi zuen eta hogeita bost urte zituela filosofia irakasten hasi zen Basileako unibertsitatean, Suitzan. 1879an sifilisak jo eta lanpostua utzi behar izan zuen gaixoturik. 1889an burua galdu zuen, eta 1900ean hil zen guztiz eroturik. Haren obra aipagarri batzuk: Tragediaren sorrera (1872), Gizatarra, gizatarregia (1878), Honela mintzatu zen Zaratustra (1883, X. Mendigurenek euskarara itzulia), Ongiaz eta gaizkiaz Haraindi (1886), Moralaren genealogia (1887), Itzulera etengabea (1888) eta Ecce Homo, (1908an argitaratua) besteak beste. v Nietzscheren eraginak eta pentsamendua. Nietzschek itzal handia izan du Europako kulturan. Schopenhauer filosofoak eta Wagner musikalariak eragin handia izan zuten beregan, eta hortik etor zekiokeen literaturarako eta arterako zuen zaletasuna. Halaber, oso ondo ezagutzen zuen greziar kultura eta eragin handia izan zuen horrek bere pentsamenduan. Bere filosofiaren ardatza gizonaren bizitza da, bizitzaren balioak, eta horren inguruko morala. Hala, arrazoiaren aurkako filosofia joera sortu zuen (bitalismoa) Hegelen filosofia arrazionalaren kritikan oinarri hartuz. Nietzscheren ustez gizonak mugarik gabe bizitzeko borondatea du funtsean, baina oztopo bat aurkitzen du bere bidean, bizitza bera, atsekabez eta oztopoz betea; hala, gizonaren eginkizun gorena trabak gainditzea da, ez etsitzea eta bere burua gainditzea etengabe (hortik super-gizonaren ideia). Kristautasunari kritika zorrotza egin zion, etsipenaren kultura zabaldu eta gizona makurturik bizitzera eramaten duelako. Nietzschek, hain gogor kritikatu zituen positibistek bezala, metafisika gaitzetsi, Jainkoarenganako fedea ezetsi eta ukatu egiten zuen arimaren hilezkortasuna. Baina, aldi berean, Europako kulturaren eta moralaren kontra ekin zion, pentsamendu arrazionala eta zientifikoa zabaltzen zituelako eta horrekin gizonaren intuizioa eta berezko sena itzaltzen zituelako. Hala, mendebaleko kulturaren erroetara bideratu zuen bere kritika lehenik eta behin: greziar kulturara. v Greziar kulturaren eragina Nietzscheren filosofian. Nietzschek bi joera bereizten zituen antzinako Grezian; bata zen apolotarra (Apolo jainkoarena), argiaren, orekaren eta arrazionalismoaren sinbolo dena; bestea da dionisiarra (Dionisos jainkoarena, ardoaren eta eromenaren jainkoarena, alegia), grinaren, oparotasunaren, eromenaren, erotismoaren eta bizitzaren sinbolotzat hartzen dena. Lehenengo joera arrazionalista hori Grezia klasikoaren irudia da, mendebaleko kulturara igaro dena; bestea, dionisiarra, Nietzschek bere egin zuen eta, hain zuzen, bizitzeko gogo hori jarri zuen bere pentsamenduaren oinarrian. v Itzulera etengabea. Nietzschek Heraklitogantik datorren ideia bat erabili zuen; gauzen eta gertaeren “itzulera etengabea”rena. Bere ustez munduan gertatu den oro berriro errepikatuko da, zitalkeriak eta gauza makurrak barne. Baina gizonak alda dezake mundua, indarrean diren balio guztiak aldaraziz eta bere burua gaindituz; hala, super-gizona sortuz joango da. v Nietzscheren super-gizona. Nietzsche berdintasuna eta demokrazia eskatzen zuten joera guztien aurka agertu zen, gizabanakotasun indartsua, bestea azpiratzeko gai zena, miresten baitzuen. Ondasun gorena bizia bera zen Nietzscherentzat, eta horren baitan gailentasuna eta ahalmena eskuratzeko nahia zegoela uste zuen. Gizonak bere burua gainditu behar du, super-gizona izatera iritsi, eta horretarako ez du izan behar begirunerik eta besteenganako errukirik. Horrek guztiak moralaren ikuspegi berri bat izatera eraman zuen. v Jaunen morala eta esklaboen morala. Nietzschek aparteko gorrotoa zion Kant-en etikari, betebeharrei eta erantzunkizunei hark ematen zien garrantziagatik, eta beste hainbeste esan daiteke kristau moralaz. Nietzschek bizitza bera baino ez zuen aintzat hartzen, bizitza indartsua, osasuntsua, menderatzeko borondatea duena. Errukia eta ahuldadea ziren beretzat gaitzik larrienak. Bi moral mota bereizten zituen; bata jaunen morala zen, indar handikoa, gorena, bizitzaren bultzadak baieztatzen zituena; bestea esklabo eta morroiena zen, ahula, errukizkoa, bizitzan konfidantzarik ez zuena. Ideia horietan oinarriturik eraiki zuten bere ideologia arrazista eta gerrazalea Hitler-ek eta nazioek. Nietzschek gerraren balioak goraipatzen zituen; berarentzat gerrak gizonaren bertute asko utzi zituen agerian: ausardia, eskuzabaltasuna edo elkarlaguntza, besteak beste. Dena den, Nietzscheren pentsamendua irrazionalismo modernoaren adierazpide osoena da, eta interpretazio ugari egiteko bidea ematen du.