Nerval, Gérard de
(Jaiotza izenez Gérard Labrunie). Frantses idazlea (Paris, 1808 - Paris, 1855). Poesia, hitz laua antzerkia eta itzulpenak egin zituen. 1828an Goetheren Faust itzuli zuen frantsesera, Goethek berak goraipatu eta Berliozek Damnation de Faust sortzeko erabili zuena. Alemanian bizi izan zen, hango erromantikoen eragina izan zuen eta Hoffmann-en ipuinetan oinarritutako ipuin liburu bat argitaratu zuen (1832, La Main de gloire, Aintzazko eskua). 1834an Jenny Colon antzezleaz maitemindu zen; harreman horrek eragin handia izan zuen bai bere idazlanetan, bere liburu askotan idealizatutako pertsonaia izan baitzen, bai bere bizian, areagotu egin baitzuen Nervalek errealitatea eta ametsa nahasteko zuen joera, gerora eromenera eta azkenean bere burua hiltzera eraman zuena. 1841ean eroetxe batean sartu behar izan zuen. Geroago bidaldi luze bat egin zuen Egipto, Siria eta Turkian zehar eta oroitzapen horiek eta fantasia bitxiak nahastuz Voyage en orient liburua argitaratu zuen 1851n (Bidaldia sortaldean zehar). 1849an eta 1854an eroetxean egon zen berriro eta 1855ean Parisko kale batean urkaturik aurkitu zuten. Bere bizitzako azken aldian argitaratu zizkioten liburu gehienak: Les illuminés ou les précurseurs du socialisme (1853, Argituak edo sozialismoaren aitzindariak), Les filles du feu (1854, Suaren alabak), Les Chimères (1854, Kimerak), Aurélia ou le rêve de la vie (1854, Aurelia edo bizitzaren ametsa).
- Neron
- neroni
- Neruda, Jan
- Neruda, Pablo
- Nerva
- Nerval, Gérard de
- Nervi, Pier Luigi
- Nervo, Amado
- neska
- neskako
- neskame