Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nervo, Amado

Mexikoko idazle modernista (Tepic, 1870 - Montevideo, 1919). Kazetaritza, saiakera, kronika, eleberria eta, batez ere, olerkiak idatzi zituen. 1900ean Europara iritsi zen kazetari gisa eta Crónicas de viaje (Bidazti-kronikak) idatzi zuen; Parisen bizi zela Rubén Darío ezagutu zuen, haren eta garai hartako frantses idazleen eragina izan zuen eta Poemas (1901) olerki liburua argitaratu zuen han. Mexikora itzuli zenean Lira heroica (1902, Lira heroikoa), Las voces (1904, Ahotsak), Los jardines interiores (1905, Barruko lorategiak) olerki liburuak idatzi zituen. Mexikoko enbaxadore izan zen, eta Espainian bizi izan zen 1914 arte. 1918tik 1919ra gobernuak Argentinara eta Uruguaira bidali zuen enbaxadore gisa. Beste idazlan batzuk: Místicas (1897, Mistikak), Perlas negras (1899, Perla beltzak), Elevación (1917, Goratzea), Plenitud (1918, Betetasuna), El estanque de los lotos (1919, Lotoen aintzira), El arquero divino (1922, Arkulari jainkozkoa).