nerabe
izond. eta iz. Mirabea, zerbitzaria. || Gaztea. v Nerabe aroa. Giza bizitzaren haurtzaro ondorengo aldia (12 urtetik 20 arte inguru). Hazkunde aro hau pubertatean hasten da, eta aldaketa fisiologikoak eta psikologikoak etengabeak dira harik eta heldutasun sexuala eta soziala iristen diren arte. Fisiologiaren aldetik hazkundea lasterrago gertatzen da psikologiaren alderditik baino; ernalketa organoak garatzen dira eta sexu heldutasunaren ezaugarriak agertzen. Adimenari dagokionez, haurraren pentsamendu konkretutik gaztearen pentsamendu hipotetiko-deduktibora igarotzen da; hots, hipotesi hutsetatik atera daitezkeen ondorioak atzemateko gai egiten da nerabea. Afektibitateari dagokionez, nerabeak krisi sakona jasaten du: Ediporen eta Elektraren konplexua gainditurik, gurasoen, eskolaren eta, oro har, aginpide mota ororen aurka altxatzen da. Nerabea helduek ezarritako gizarte horren ukoaren eta hartan sartzeko ahaleginen artean, kolokan aurkitzen da. Gatazka hauen guztien erdian aurkitzen dela, nerabea bere buruaren bila diharduen pertsona minbera, oldarkor eta kontraesanez betea azaltzen da. Nartzisismoa eta bakardadea dira aro honen ezaugarrietako batzuk. Sexu instintua ere azkartzen da: masturbazioa ohikoa da aldi honetan, mutilengan batez ere, eta sexuaren bultzada beste pertsonaren batengana zuzendu ahal izan arte da garrantzizkoa. Afektibitatearen alorrean oreka eta ingurune sozialarekiko egokitzapena lortzen duen heinean heldutasunera iristen da. Familia edo gizarte baldintza desegokiek (maitasun falta, besteak beste) jokabide okerrak sor ditzake: bakardaderako joera, bihurrikeriak, ihesaldiak eta, kasurik larrienetan, delinkuentziako egintzak.