Neptuno
Astron. Eguzki sistemako zortzigarren planeta. J. G. Galle-ek aurkitu zuen 1846. urtean. Eguzkitik 4.494 milioi km-tara dago. Teleskopiotik begiratuta ezin zaie Neptunoren ezaugarriei garbi antzeman. Hala ere, 1989. urteko abuztuan Voyager 2 espaziontzia Neptunora gerturatu zen, eta hari buruzko informazio baliagarria bidali zuen. Neptunok 165 urte behar ditu eguzkiaren inguruan bira oso bat emateko eta 6 egun bere ardatzaren inguruko itzulia egiteko. Orbita ia biribila du (0,0086ko eszentrizitatea), eta errotazio ardatzak 29°ko angelua osatzen du orbitaren elkarzutarekin. Lurrak baino 17 aldiz masa handiagoa du eta bolumena berriz 44 aldiz handiagoa. Batez besteko dentsitatea, urarekin konparatuz, 2,3 da. Grabitatea ekuatorean, lurrarekin konparatuz, 1,41 da. Neptunoren nukleo solidoa ur izoztu, metano eta amoniakozko geruza batek inguratzen du. Hidrogenoa eta helioa (% 15-20) dira atmosferaren osagai nagusiak. Bi satelite ditu, Triton eta Nereida.