Negrín López, Juan
Espainiar sendagile eta politikaria (Las Palmas, 1892 - Paris, 1956). Medikuntza ikasketak egin zituen Leipzigen. 1922an Madrilgo unibertsitateko fisiologia katedra eskuratu zuen. Mundu osoan ospe handia izan zuen eskola bat sortu zuen Madrilen. Primo de Riveraren diktadura bitartean PSOEko kide egin zen; 1931tik aurrera parlamentari izan zen. Espainiako Gerra Zibila hasi zenean Finantza ministro izendatu zuten Largo Caballeroren gobernuan, eta 1937ko maiatzaren 17an gobernuburu Largo Caballeroren ordez. Ingalaterrak eta Frantziak gerran esku hartuko ez zutela agindu zutenez, Negrínek Sobietar Batasunari erosi behar izan zizkion armak eta ordainetan Moskura bidali zuen Espainiako Bankuak gordea zuen urrearen erdia; bestalde, alderdi komunistaren eragina mugatu nahi izan zuen. Errepublikak gerra galtzear zeukala ikusirik, bake eskaintza bat egin zion Francori; hark, ordea, ez zion onartu. Gerra irabazteko azken ahalegina egin zuen orduan eta alderdi komunistaren laguntzaz Ebroko erasoa prestatu zuen. Francoren gudarosteak Katalunia mendean hartu zuenean Frantziara joan zen, baina handik gutxira itzuli zen. Casado koronelaren matxinadak kargutik kendu zuen, Frantzian erbesteratu zen eta errepublikak atzerrian zuen gobernuko lehendakaria izaten jarraitu zuen 1945 arte.
- negoziatze
- negoziazio
- negozio
- Negret Dueñas, Edgar
- Negri, Pola
- Negrín López, Juan
- negrito
- Negro
- Negros
- Negruzzi, Costache
- Negu Gorriak