Navarro Baldeweg, Juan
Espainiar arkitekto eta pintorea (Santander, 1939). Arte eta arkitekturako ikasketak egin zituen Madrilen. 1970ean atzerrira joan zen ikastera Juan March Fundazioak emandako beka bati esker, eta Pennsylvania eta Yaleko Arkitektura Eskoletan egon zen irakasle laguntzaile. 1977. urteaz geroztik arkitektura proiektuetako irakaslea da Madrilgo Arkitektura Eskolan. Rafael Moneorekin batera, gaur egungo arkitekto aktiboenetako bat da, hainbat arkitektura lehiaketa irabazi baititu, hala nola Madrilgo Etxebizitza Familia-bakarra egiteko lehiaketa (1978), A House for Friedrich Schinkel nazioarteko lehiaketa (1979), Madrilgo San Francisco el Grande-ko lehiaketa (1982), Salamancako Palacio de Congresos y Exposiciones de Castilla y León egiteko ideia lehiaketa (1985) eta Bartzelonako Olinpiar Hiriko Entrenamenduetarako Pabiliiaren lehiaketa (1988). 1988an Berrikuntza eta Birgaikuntzako Lehen saria irabazi zuen Murtzian egin zuen Segura ibaiko Erroten Museo Hidraulikoa eta Kultura Etxeagatik. 1990ean Arte Plastikoetako Sari Nazionala jaso zuen.