Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

navajo

iz. Ipar Ameriketako izen bereko indiar herriko kidea. Navajoak atapaskoen familiako apatxe hizkuntzaz mintzo dira. Gaur egun 70.000 navajo bizi dira Texasen, Oklahoman, Mexiko Berrian eta Arizonan. Navajoen artean oinordekotza amagandik alabagana izaten da. Trebeak dira eskulangintzan: oihalak, alfonbrak eta zilarrezko bitxiak egiten dituzte batez ere. Erlijiozko erritu eta ospakizunetan kolore anitzeko hareazko irudiak egiten dituzte. 900etik 1200 bitartean Kanadako hegoaldetik Mexiko Berrira joan ziren apatxe taldeetan dute jatorria. Pixkanaka-pixkanaka apatxeengandik bereizi ziren. XVII. mendeaz geroztik pueblo indiar herriaren eragina izan zuten, nekazari bilakatu ziren eta bizimodu ibiltaria utzi zuten. Abere hazkuntzan ere ari izan ziren. XVIII. mendean hegoalderantz eta sartalderantz abiatu ziren eta gatazkak izan zituzten espainiar etxalde-jabeekin eta hopi eta zuñi indiar herriekin. 1863an Kit Carsonek mendean hartu zituen, haien erreserbak suntsitu eta navajo asko eta asko Fort Summer-en atxilotu zituen. 1868an sinatu zen bake-hitzarmenak Arizonara eta Mexiko Berrira itzultzeko aukera eman zien.