Nasser, Gamal Abdel
Egiptoko politikaria eta militarra (Beni Mor, 1918 - Kairo, 1970). 1942an Ofizial abertzaleak legez kanpoko taldea sortu zuen ingelesen aurka borrokatzeko. 1948an israeldarren eta arabiarren arteko lehenengo gerran parte hartu eta zauritu egin zuten. Gerra galdu ondoren Ofizial libreak ezkutuko taldea antolatu zuen, 1952ko uztailean Faruk erregearen aurkako estatu kolpean, Nagib jeneralarekin batera, parte hartu zuena. 1954an Nagib agintetik baztertu eta Nasserek lehendakari izendatu zuen bere burua. 1954an argitaratutako Philosophie de la révolution (Iraultzaren filosofia) liburuan, panarabismoaren eta nazio askapenerako higikundeei laguntzearen alde agertu zen. Nazio sozialisten eta nazio kapitalisten artean hirugarren bide bat jorratzeko “Nazio lerratu gabeen” politikari eutsi zion. 1956an Suezeko ubidea nazionalizatu zuen, Estatu Batuek, Frantziak eta Ingalaterrak Assuango urtegia eraikitzeko kredituak ukatu zizkiotelako. Frantziak, Ingalaterrak eta Israelek Egipto beren mendean hartu zuten, eta horren ondorioz Nasserek nazio horiek Egipton zituzten ondasun guztiak nazionalizatu zituen eta Sobietar Batasunaren laguntza onartu. Arabiar nazioen bateratzea lastertu nahian, 1958an Arabiar Errepublika Batua sortu zuen Siriarekin batera. Afrikan nazio askapenerako borrokan ari ziren taldeei lagundu zien. 1961etik aurrera, nekazaritzaren bigarren erreforma egin zuen eta enpresa asko nazionalizatu zituen. 1967an Israelen eta arabiar nazioen arteko gerra galdu ondoren, Egiptoko zati handi bat israeldarren mende geratu zen. Nasserek kargua utzi zuen, baina kargua berriro har zezan eskatu zioten. 1970ean “Irail odoltsua”ren ondoren palestinarren eta Jordaniako erregearen arteko bitartekaritza lanetan jardun zuen. Bihotzekoak jota hil zen.
- naslika
- Nasrin, Taslima
- Nassar, Raduan
- Nassau
- Nassauko etxea
- Nasser, Gamal Abdel
- Nastase, Ilia
- nastia
- Nasution, Abdul Haris
- Natal
- Natan