Nasrin, Taslima
Bangladeshtar idazle eta sendagilea (Bangladesh, 1962). Familia musulman kontserbadore batean jaio zen. Aita medikua zuen, eta berak ere ikasketa horiek aukeratu zituen, baina literaturan egindako lanagatik da, gehienbat, ezaguna. Emakume honen idazlanei Rabindranat Tagore, Virginia Woolf eta Simone de Beauvoirren eragina sumatzen zaie. Eleberri eta poemetan Indiako kasten arteko desberdintasunak, gizon eta emakumeen arteko eta aberats eta pobreen arteko desberdintasunak salatzen ditu, gizarteko tabu guztiak, erlijiosoak nahiz sexualak, kritikatzen ditu, eta bere herrialdeko emakumeek pairatzen duten egoera nabarmen uzten du. Bere herrialdeko mugimendu feministaren buruetako bat da. Idatzi dituen lan askok agintari politiko eta erlijiosoen protestak eragin dituzte, eta blasfemotzat hartu izan dute. Heriotza mehatxupean ere egon izan da. Lanik aipagarrienen artean ditu: 1986an argitaratutako poema erotikoen bilduma, Nirbachita Kalam (1991, Zutabe hautatuak), Lajja (1993, Lotsa), Nupur-en arreba (1999). Suedian bizi da 1999. urteaz geroztik.