Naguib, Muhammad
Egiptoar militarra eta politikaria (Khartum, 1901 - Kairo, 1984). Palestinarren eta israeldarren arteko 1948-1949ko gerraren ondoren, hartan arabiar gudarosteek izan zuten porrotak eta Faruk erregearen saldukeriazko politikak eraginik, Ofizial libreen elkartea sortu zuen gudarostearen barnean. 250 ofizial haien buruetako bat zen Naguib. 1952ko uztailaren 23an Faruk erregea bota eta Ali Maher jarri zuten horiek gobernuko buru. Gudarosteko buru berriz Naguib egin zuten. Uztailetik irailera bitartean nekazaritzako erreforma egiten hasi zen gobernu berria. Irailean Ali Maher-ek uko egin zion gobernuko buru izateari. Naguibek hartu zuen haren lekua, eta Gerrako eta Itsas armadako ministro karguak. Naguib parlamentuaren aginpidea berriz indarrean jartzearen aldeko zen. 1954ko azaroaren 14an, harekin Ofizial libre-en taldeko izan zen Nasser koronelak kendu zuen aginpidetik.