Murillo el Fruto
Nafarroako hegoaldeko udalerria (Erriberriko merindadea). Mugak: iparraldean, Uxue, ekialdean, Zarrakaztelu eta Galipentzu, mendebalean, Santakara eta hegoaldean, Zarrakaztelu. Garaiera, 366 m. 33,83 km2. 1999ko datuen arabera, 655 biztanle ditu (mureluarrak). Aragoi ibaia igarotzen da Murelu-Hautsiko udalerritik. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza (garia, garagarra, mahatsa, artoa, zainzuriak), abeltzaintza (behiak, zerriak eta ardiak) eta haren inguruan sorturiko industria (janari industria, kontserbak, zurgintza; langileen % 24) dira. Aipagarri dira Ama Birjinaren Berpizkundeko eliza (XVI. mendeko erretaula, XVII. mendeko irudiak), XVIII. mendeko udaletxea eta XVI-XVIII. mendeetako etxe armarridunak. v Historia. 1207. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Murelu-Hautsiko herria eta urte hartan jaso zituen foruak Antso VII.a Azkarra Nafarroako erregearen eskutik. 1845. urtean bihurtu zen udalerri.