Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Murat

Zenbait sultan otomandarren izena.  v  Murat I.a. Otomandarren sultana 1360tik 1389ra (1319 - Kosovo, 1389). Gerra ugari izan zen Murat I.a aginpidean egon zen garaian. Grezian, Asia Txikian eta Balkanetan, eta serbiar, hungariar eta bosniarren kontra borrokatu zen.  v  Murat II.a. Otomandarren sultana 1421etik 1451ra (1401 - Hadrianopolis, 1451). Estatuaren mugak zabaldu zituen, Asia Txikian konkistak egin (1422), eta Tesalonika (1430) eta Serbia (1439) bereganatu baitzituen. Grezia eta Albania ere hartu nahi izan zituen.  v  Murat III.a. Otomandarren sultana 1574tik 1595era (1549-1595). Aginpidean izan zen garaian krisialdi ekonomiko larria izan zen, baina, hala eta guztiz ere, Persiaren kontrako gerrari ekin zion (1577-1590), eta Georgia bereganatzea lortu zuen. Etengabe borrokatu zen Veneziaren eta Austriaren kontra.  v  Murat IV.a. Otomandarren sultana 1623tik 1640ra (1609 - Konstantinopla, 1640). Barne iskanbilak eta borrokak baretzea izan zen aginpidean egon zen garaian izan zuen helburu nagusietako bat. 1635ean Persiaren kontrako gerrari ekin zion, eta Bagdad konkistatu zuen (1638).  v  Murat V.a. Otomandarren sultana 1876. urtean (Konstantinopla, 1840 - Konstantinopla, 1904). Sultan egin eta berehala kendu zuten aginpidetik, gai ez omen zelako.