Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Munich

(Al. München). Alemaniako hiria, Bavariako estatuko hiriburua. 1.218.300 biztanle (1989). Zabaldi handi baten gainean dago. Isar ibaia, Danubioren adarra, igarotzen da handik. Industria (eraikuntza mekanikoak eta garagardo lantegiak) eta zerbitzuak.  v  Henrike Lehoiak fundatu zuen 1158an, eta 1255ean Wittelsbach familiaren egoitza bihurtu zen. 1806tik aurrera Bavariako erreinuko hiriburu izan zen, eta XIX. mendean kulturagune garrantzi handikoa izan zen. Munich-en sortu zen Nazional Sozialismoa, nazismoa, eta han zegoen Alemaniako alderdi nazional sozialistaren egoitza. Monumentu ugari dira Munich-en, Bigarren Mundu Gerran kalte handiak izan bazituzten ere (XV. mendeko Frauenkirche eliza eta pinakoteka zaharra, besteak beste). Olinpiar Jokoak egin ziren bertan 1972an.  v  Municheko hitzarmena. 1938an, Erresuma Batuak, Frantziak, Alemaniak eta Italiak izenpetu zuten bake hitzarmena, Alemaniaren eta Txekoslovakiaren arteko arazoak baretzeko. Hala ere, Txekoslovakiaren kalterako izan zen, eta Bigarren Mundu Gerraren hasiera urtebetez atzeratzea baizik ez zuen lortu hitzarmen hark.