Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mungia

Bizkaiko erdi-iparraldeko udalerria (Mungialdea). Mugak: iparraldean, Bakio, ekialdean, Bermeo, Meñaka eta Gamiz-Fika, mendebalean, Derio, Loiu eta Gatika eta hegoaldean, Zamudio eta Gamiz-Fika. Garaiera, 20 m. 52,12 km2. 1997ko datuen arabera, 13.252 biztanle, aurreko erroldan baino dezente gehiago (mungiarrak). Herrigune hauek osatua da Mungiako udalerria: Mungia (herriburua), Andekoa, Belako, Berreaga, Emerando, Ganbe, Larrauri-Markaida, Laukariz, Marutxaga, Maurola, Atxuri, Trobika eta Billela. Butroi ibaia igarotzen da Mungiatik. Biztanleen hizkuntza banaketa 1996an: 7.290 euskaldun, 1.926 ia euskaldun eta 3.300 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusiak industria (altzairugintza, zurgintza, janari industria, ehungintza; langileen % 60) eta zerbitzuak (oinarrizko zerbitzuak, banketxeak, bulegoak, irakaskuntza; langileen % 29) dira. Aipagarri dira XIII. mendeko Zumetxagako San Migel ermita erromanikoa (kutsu gotikoa du zenbait ataletan), San Pedro eliza, XI. mendeko Ama Birjinaren eliza (XIX. mendean berritua), Larrauriko Ama Birjinaren eliza (XVI. m.), Laukarizko Santiago eliza (XVI. m.), Billelako ermita, Lonako Madalen ermita (XIV-XV. m.), Billelako dorretxea (XIX. mendean berritua), Elorriagatarren dorretxea, Arkauteko oinetxea eta Landetxoko oinetxea.  v  Historia. 1053. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Mungiako herria Munkia izenaz. 1376. urtean jaso zuen Mungiako elizateak hiri-gutuna eta Logroñoko foruez gobernatzeko baimena. Ahaide nagusien arteko gudu latzak izan ziren Mungiako hiribilduaren inguruetan, XV. mendean zehar. Mungiako etxe kopuruaren herena suntsitu zuen 1778an sute batek. 1936ko Gerra Zibilaren garaian ere Mungia herriaren % 40 erre zen.