Múgica Urrestarazu, Mateo
Gipuzkoar elizgizona (Idiazabal, 1870 - Zarautz, 1968). Eliz ikasketak egin zituen Gasteizen eta Salamancan. 1903an Gasteizko apaizgaitegiko irakasle izendatu zen eta 1908an Burgo de Osmako apezpiku egin zuten. 1924an Iruñeko apezpiku izendatu zuten eta 1928an Gasteizkoa. 1931ko udal hauteskundeen aurretik, errepublikarren, sozialisten eta komunisten aurkako deia zabaldu zuen eta, errepublika aldarrikatu ondoren, Espainiako estatutik kanpora egotzi zuten 1931ko maiatzean errepublikaren aurka agertzeagatik. Frantziara jo zuen eta bertan egon zen 1933ko apirilean itzultzeko baimena eman zioten arte. 1936ko Gerra Zibila hasi ondoren, Non Licet pastorala argitara eman zuen, Olaechea Iruñeko apezpikuarekin batean, errepublikaren aurka. Alabaina, frankisten gehiegikeriak salatzen zituzten beste bi pastoral argitaratu zituen eta agintari frankistek Espainian sartzea debekatu zioten, 1936ko urrian Erromara joan eta handik itzultzean. 1937an ez zuen Espainiako apezpikuek Francori babesa emanik idatzi zuten gutuna izenpetu eta, bere kargutik kendua izan ondoren, Lapurdiko Kanbo hirian egon zen. 1945ean Imperativos de mi conciencia idatzia eman zuen argitara, Euskal Herriko apaiz nazionalisten alde, eta 1947ean utzi zioten Gipuzkoara itzultzen. Zarautzen bizi izan zen hil arte.