Múgica Múgica, José
Gipuzkoar legegizona eta politikaria (Ormaiztegi, 1894 - Donostia, 1981). Serapio Múgicaren semea zen. Zuzenbideko ikasketak egin zituen Madrilen eta futbolaria izan zen gaztetan Irungo Real Unión eta Madrilgo Real Madrid taldeetan. Eskuindar erregezalea zen eta Donostiako Diario Vasco egunkariaren sortzaile izan zen, beste zenbaitekin, 1934an. Eskuineko koalizioaren barnean zegoen Unión Regionalista Guipuzcoana taldeko hautagaia izan zen 1936ko hauteskundeetan eta Donostiako alkate izendatu zuten frankistek hirian sartu zirenean (1936ko iraila). Hala ere, frankistei aurre egin zien eta 1937ko otsailean kargutik kendu zuten. Historia gaiak landu zituen bere idatzietan. Obra nagusia: Carlistas, moderados y progresistas (1950, Karlistak, moderatuak eta progresistak).