Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Moustier

edo Muster aldia. Behe Paleolitoaren amaiera eta Erdi Paleolitoa osorik hartzen dituen historiaurreko aldia. Moustier aldiko kultura Europan, Asiako mendebalean eta Ipar Afrikan zabaldu zen Würm glaziazioaren hasieratik (K.a. 40000).  v  Moustier aldia Euskal Herrian. Moustier aldiko kulturek arrasto ugari utzi zituzten Euskal Herrian. Leize eta harpeetan bizi izan ziren garai hartako gizakiak (Axlor, Lezetxiki, Kobalde, Olha, Izturitze, Gatzarria…), baita haize zabalean ere, itsasaldean (Lapurdi eta Gipuzkoako ekialdeko kostaldean), ibaiondoetan (Ebro eta Aturri ibaien arroetan bereziki) eta goi-ordokietan (Urbasa, Baigura). Moustier aldiko gizakiak ehiztariak ziren, baina bazekiten inguruko landarediak eskaintzen zizkieten fruitu eta jangaiez baliatzen, eta erabiltzen zituzten adarrak, zura, zuntzak, ileak eta beste gai organiko batzuk beste behar batzuetarako, lokarriak eta giderrak egiteko adibidez. Nolanahi ere, gai organiko hauek desagertu eta garai modernoa arte harrizko tresneriak baizik ez du iraun (sukarrizko mutur aho biziak, ahoa landutako harri muturrak, zizelak eta aizkora antzekoak…), janari hondakin askorekin batera (hezurrak bereziki). Moustier aldian sortu bide ziren lehen hizkuntza moldeak eta garai haietan zabaldu bide ziren hildakoen aldeko gurtza eta oinarrizko sinbologia.