Moustaki, Georges
(Benetako izena, Joseph Mustacchi). Frantses abeslaria, jatorriz greziarra (Alexandria, 1934). Bere jaioterriko lizeo frantsesean ikasi zuen, 1951. urtean Parisa joan zen arte. Han liburuzain, kazetari eta zerbitzari gisa lan egin zuen. Garai horretan abestiak idazten zituen, eta ondoren, kafetegietako terrazetara joaten zen abestera. Edith Piaf-ekin elkartu zen eta izugarrizko arrakasta izan zuten elkarrekin (“Milord” abestia izan zen garai hartako nagusia). Arrakasta hark aukera eman zion abeslari eta egile gisa zuen ahalmena erakusteko. Serge Reggiani-k abestutako “Sarah”, “Ma liberté”, “Votre fille à vingt ans” abestiek izen handia eman zioten. 1969an “Le Métèque” grabatu zuen; milioi bat ale baino gehiago saldu zituen hartatik. Orobat izan ziren famatuak “Temps de vivre”, “Bahia”, “Ma solitude” eta “Il est trop tard” abestiak. Frantses hiritartasuna hartu zuen 1990eko hamarraldiaren hasieran.