Mosku
(Errus. Moskva). Errusiako Errepublika Federalaren eta Sobietar Batasun ohiaren hiriburua, Moskovako haranean; 8.111.000 biztanle. Demografiak eta hirigintzak izan duen hazkundea ikaragarria izan da; 1860an 360.000 biztanle bizi ziren Moskun, eta 1917an 1.700.000. Gobernuak inmigrazioa gerarazteko egin zituen ahaleginek ez zuten ondorio onik atera: 1939an 4.000.000 biztanle baino gehiago zituen eta 1960an 6 milioitik gora. Inguruan oso gutxitan aurkitzen den harriak, eraikuntzan erabiltzen denak, eragin handia izan du Moskuren hazkundean. Industria da bertako jarduera nagusia; ehungintza eta metalurgia dira industriak dituen alor aipagarrienak. Ikatz meategiek ere garrantzia dute. Moskun egiten dute bat Errusiako komunikabide garrantzitsuenek. Hiru aireportu daude. Bertan dago, baita ere, Errusiako Zientzia Akademia. Unibertsitateak: Lomonosov, 1755ean sortua, eta Patrizio Lumumba, 1960an sortua. v Historia. Ez da ezagutzen Moskuren jatorria; 1147ko kronika batean aipatzen da lehen aldiz. Mongolek erre zuten 1237an, eta haien eskuetan izan zen ondoren. Mongolen beherakadaren eta Konstantinoplaren gainbeheraren ondorioz Mosku Errusiako hiriburu eta mundu ortodoxoaren gune nagusi bilakatu zen. Petri Handiak San Petersburgon ezarri zuen Errusiako hiriburua. Hori zela eta Moskuk garrantzia galdu zuen eta behera egin zuen biztanle kopuruak. 1812an Napoleonen osteek hartu zuten. Napoleonek kalte larriak egin zituen eta Moskutik alde egin ondoren berriz eraiki behar izan zen hiria; ondoren bere behinolako indarra berreskuratu zuen. Hirian bizi ziren langileek parte hartu zuten 1905eko iraultzan, eta 1917an boltxebikeak jabetu ziren hiriaz. Hurrengo urtean, 1918an alegia, Sobietar Batasuneko hiriburu egin zuten. Urte horretatik aurrera, Moskuk ezagutu duen hazkundea ikusgarria izan da. Bigarren Mundu Gerran, alemaniarren erasoa Moskutik 100 km baino gutxiagora utzi zen indar gabe, baina hiriak ez zuen kalte handirik izan. Bigarren Mundu Gerraz geroztik are gehiago hazi da Mosku, eta Sobietar Batasuna zeneko inmigraziogune nagusi bihurtu zen. v Moskuko gudua. Bigarren Mundu Gerran (1941-1942 bitarteko neguan) Alemaniaren eta Sobietar Batasunaren artean izan zen gudua, Alemaniak Mosku hartzeko egindako erasoak piztu zuena. Alemaniarrek atzera egin behar izan zuten, hotzaren ondorioz batez ere. v Moskuko hitzarmena. 1963ko abuztuaren 5ean Estatu Batuetako, Sobietar Batasuna zeneko eta Britainia Handiko Kanpo Arazoetarako ministroek sinatu zuten akordioa. Hitzarmen horren bidez debekatu egiten zen arma atomikoak atmosferan erabiltzea (espazioan eta urpean). Frantziak eta Txinak ez zuten akordio hori sinatu. v Moskuko hitzarmena. 1970eko abuztuaren 12an Sobietar Batasunaren eta Alemaniako Errepublika Federalaren artean sinatutako akordioa. Bi herrien arteko harremanak bere onera etorri ziren hitzarmen horri esker, 25 urtez izandako tirabiren ondoren. v 1991ko abenduan militarrek Moskun estatu kolpea jo zuten. Boris Yeltsin izan zen garaile eta M. Gorbatxov estatuburua baztertua izan zen. 1993. urtean beste estatu kolpe bat izan da Moskun Sobieten parlamentuan, eta oraingoan ere Boris Yeltsin izan da garaile. v Artea. XV. mendearen bigarren erdialdetik ez da harrizko eraikuntzarik eraiki hirian, baina badira aurrez eraikitako zenbait eliza eta monumentu; multzo artistiko nagusia Kremlineko monumentua da. 1930etik aurrera egindako eraikuntza gehienetan estilo neoklasikoa da nagusi. 1956tik aurrerako eraikuntzek mendebaleko arkitekturarekin bat datorren izaera dute.