Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Moravia

Txekiako Errepublikako hego-ekialdeko antzinako lurraldea; 26.095 km2 eta 4.028.000 biztanle. Mendebaleko Moravia (15.028 km2; 2.058.000 biztanle; hiriburua, Brno) eta Ekialdeko Moravia (11.067 km2; 1.970.000 biztanle; hiriburua, Ostrava) probintzietan dago banaturik. Mugak: iparraldean, Sudete mendiak; ekialdean, Karpato Zuriak; mendebalean, Moraviako muinoak; hegoaldean, Danubioko ordokia. Morava ibaiak zeharkatzen du lurraldea iparraldetik hegoaldera.  v  Ekonomia. Nekazaritza (mahastiak, laboreak); abere hazkuntza (betabereak eta zurdabereak); industria (ehungintza, larrugintza, oinetakoak, siderurgia).  v  Historia. VI. mendean eslaviarrek menderatu zuten Moravia. XI. mendean erresuma handia bilakatu zen; Savtopluk-ek zabaldu egin zuen erresuma, mendebaleko Eslovakia eta Bohemia beretuz, baina hura hil ondoren haren semeek zatitu egin zuten. IX. mendearen bukaeran magiarrek hartu zuten; 1029an Bohemiaren barne geratu zen, eta 1490ean Austriak mendean hartu zuen. Lehen Mundu Gerra bukatu ondoren Txekoslovakiako eskualde izan zen; Hitler-ek Txekoslovakia menderatu zuenean Bohemia-Moraviako babes-herria sortu zuen, gerra amaitutakoan desagertu zena. 1992an Txekoslovakia bitan banatu zenean, Moravia Txekiako Errepublikaren barne geratu zen.