Moore, George
Irlandar idazlea (Moore Hall, 1852 - Londres, 1933). Birmingham-eko Oscott College-n egin zituen ikasketak. Londresen eta Parisen margolaritza ikasketak egin zituen. Garai hartakoa da Confessions of A Young Man (1888, Gizon gazte baten aitormenak) eleberria. Londresen kazetari eta arte kritikari izan zen. Hasieran estetizismoari jarraitu bazitzaion ere, ondoren naturalismoaren eragin nabarmena izan zuen. Joera hori oinarri zuela bi eleberri idatzi zituen: The Mummer’s Wife (1885, Komediantearen emaztea) eta Esther Waters (1894), Mooreren lan nagusia. Ondoren Irlandako giroa oinarri hartuta hiru eleberri idatzi zituen Ave (1911), Salve (1912) eta Vale (1914), Hail and Farewell (Diosala eta agurra) liburuan bilduak. Oso idazkera landua eta arnas handikoa du. Moorerenak dira, halaber: The Untilled Field (1903, Izenik gabeko eremua), The Lake (1905, Aintzira), The Brook Kerith (1916) eta Eloise and Abelard (1921). Moorerekin Irlandako literaturak pizkunde berria izan zuen.