Moore, Roger
Britainiar antzezlea (Londres, 1927). Arkitektura ikasketak hasi zituen, baina bertan behera utzi eta haurrentzako liburuak marrazten zituen talde batean hasi zen lanean. Lan egiten zuen bitartean Arte Dramatikoko eskolara joaten zen. Hemeretzi urte zituela Dorn Van Stenyrekin ezkondu zen eta hiru filmetan figurante gisa aritu ondoren, Estatu Batuetara joan zen emaztearekin ospe bila. New York-en Diane Lynn eta Robert Montgomeryrekin hasi zen lanean telebistako saio batean, eta ondoren Broadwayra joan zen. Han Catherine Parr-en bizitza antzerki lanarekin egin zen ospetsu. Broadwayn aritu zen lanean Metro-Goldwin-Mayer-ek kontratatu zuen arte. Etxe horrekin egin zituen lehenengo filmak, Agindua eta Ezinezko zeregina. Ondoren Londresa itzuli zen Nik hartu nuen gaztelua egitera. Hollywood-era itzuli zenean Paris ikusi nuen azkeneko aldia, Erregeren lapurra, Doinu etena, Diana, etab. egin zituen. Londresen Ivanhoe eta Alaskakoa telesailak egin zituen. Santua telesailarekin egin zen, ordea, ospetsu nazioartean. Ondoren Sean Connery-n ordezko izatea proposatu zioten James Bond pertsonaian. 1973an izan zen lehenengo aldiz 007 agentea Bizi eta utzi hiltzen filmean, eta ondoren Urrezko pistola duen gizona (1974), Maitatu ninduen espioia (1977), Moonraker (1979), Octopussy eta Bakarrik bere begientzat (1981). Aipagarriak ditu, bestalde, Aurpegi biluzia eta Maitasunaren irudiak (1989).