Montréal
Kanadako ekialdeko hiria, Quebec-en, izen bereko uhartearen hego-ekialdean, Saint Laurent ibaiaren ertzetan. 1.015.780 biztanle (2.945.000 aldiriak barne). Montréal uhartea Saint Laurent ibaiaren bi besok osatzen dute. Kanadako metropoli nagusia da. Montréalgo portua munduko handienetakoa da, eta ekonomia jarduera nagusia laboreen garraioa da. Garrantzi handiko industriagunea (metalurgia, siderurgia, ehungintza, oinetakoak, ontziolak). Finantzagunea; bertan daude bankuetxe nagusien egoitzak eta Kanadako burtsarik handiena. Zenbait unibertsitate, 1821ean, 1876an eta 1975ean sortuak. Frantsesek sortu zuten hiria 1642an, eta Ville Marie izena jarri zioten. Ingelesen esku geratu zen 1766an. Kanadako gobernuak Montréalen izan zuen egoitza 1844tik 1848 arte. Olinpiar Jokoak egin ziren han 1972an.