Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mongolia

(Izen ofiziala, Mongoliako Errepublika; Mongolieraz, Mongol Ard Uls). Asiako erdialdeko estatua. 1.566.000 km2 eta 2.612.900 biztanle (2007, mongoliarrak). Mugak: iparraldean, Errusia; ekialdean, hegoaldean eta mendebaldean, Txina. Hiriburua: Ulan Bator. Hiri nagusiak: Darhan, Erdenet. Hizkuntza ofiziala: mongoliera (khalka dialektoa). Etniak: mongoliarrak % 90; kazakhak % 4; txinatarrak % 2; errusiarrak % 2; besteak % 2. Erlijioa: budismoa, islama, kristautasuna. Dirua: tugrik-a.  v  Orografia eta hidrografia. Mongoliako batez besteko garaiera 1.600 m-koa da. Lurraldean mendi garaiak eta ordoki zabalak dira. Iparraldean eta mendebalean hiru mendi sail daude: Altai mendiak (Monh Hayrhan Uul, 4.362 m), Khangai (3.650 m inguru) eta Hentyn mendiak (1.800-2.400 m). Ipar-mendebalean Aintzira Handien lurraldea dago, 300 aintziratik gora dituena. Hegoaldean Gobiko basamortu harritsua dago, Mongoliako lurraldearen heren bat hartzen duena. Mongolian ibai asko daude, ur emari handikoak, argindarra sortzeko erabiltzen direnak. Ibai nagusiak Selenga eta honen adarrak dira. Selengak Errusiako Baikal aintziran isurtzen du ura. Lurrikarak izateko arriskua handia da.  v  Klima eta landaredia. Mongoliak klima kontinentala du. Tenperatura aldaketa handiak eta bizkorrak izaten dira. Neguak hotzak (-26 eta -18 °C artean), idorrak eta eguzkitsuak dira, eta ia ez du elurrik egiten. Udak berriz epelak (17-23 °C) eta laburrak dira. Oso euri gutxi egiten du urtean zehar: 350 mm mendialdean eta 100 mm baino gutxiago Gobiko basamortuan. Landarediari dagokionez, Mongolian estepa da nagusi. Pinudiak, urkidiak, eta alertze eta zedro zuhaiztiak daude.  v  Biztanleak. Mongoliako biztanle gehienak khalkha hizkuntza erabiltzen duten mongoliarrak dira. Gainerakoak mongoliarrak, kazakhak, errusiarrak eta txinatarrak dira, eta hainbat hizkuntza erabiltzen dituzte. Biztanleen % 40 hiriburuan bizi ziren 2002an. Edonola ere, bizimodu erdi-nomada dute oraindik biztanle askok. Bizi itxaropena 67 urtekoa da, batez beste. Erregimen sozialistaren gainbeheraz geroztik, nabarmen jaitsi da emankortasun tasa: emakumeko 7,33 haurrekoa zen, 19070-1975 inguruan, eta 2005-2010 bitarterako aurreikuspenak emakumeko 1,87 haurrekoak dira. Biztanleriaren hazkundea % 1,2koa da, 2007ko estimazioen arabera. ■ Ekonomia. Abeltzaintza izan da antzinatik Mongoliako ekonomia jarduera nagusia. Komunismoak kolektibizatu egin zituen abere hazkuntzarako lurrak, eta saio ugari egin zituen gizataldeek bizimodu sedentarioa har zezaten. Hala eta guztiz ere, 500.000 abeltzain inguru erdi-nomadak dira gaur egun. Zaldiak, yakak, ahuntzak, behiak, gameluak eta zerriak hazten dituzte batez ere, eta horietatik hartzen dituzte elikagaiak, jantziak, eraikuntzarako gaiak eta erregaia. Nekazaritzak ere indar handia du, nahiz eta lurraldearen % 1 baino ez den erabiltzen jarduera horretarako; garia eta garagarra lantzen dira gehienbat. Bestalde, Mongoliak mea baliabide handiak ditu: kobrea, ikatza eta molibdenoa dira nagusi. 1989. urtea arte ekonomia harreman gehienak (% 90) Sobietar Batasun ohiarekin egiten zituen. Sobietarren laguntza urteko errentaren erdia izaten zen gutxi gorabehera. Beraz, Sobietar Batasuna hondoratu zenean ekonomia krisi izugarria sortu zen Mongolian. 2002tik aurrera hasi zen BPGa igotzen, eta iraunkorki igo da, baina 2006an oraindik biztanleen % 32,2 bizi ziren pobrezian eta inflazioa eta langabezia nahiko altuak ziren (% 3,2 eta % 6, hurrenez hurren). ■ Historia. Neolitikoaren garaian ehiztariak eta abeltzain ibiltariak bizi ziren Mongolian (abaroak eta hunoak). K.a. II. mendean Hsiung-nu-ren inperioa sortu zen; K.a. IV-X. bitarteko mendeetan ekialdeko Turkistango uigur-ak izan ziren nagusi. XII. mendean Genghis Khan-ek mongoliar leinu guztiak batu eta inperio handia eratu zuen (1227an Mongolia Persiako Golkoraino eta Kaukasoko hegoalderaino iristen zen). Genghis-en ondorengo Ögödei-k 1234an txinatarrei eraso zien, eta Txin dinastia aginpidetik kendu zuen. Mongoliarren aginpidea Txinan 1279-1368 bitarteko urteetakoa izan zen, baina ondorengo urteetan atzera egin behar izan zuten mongoliar leinuen arteko borrokak zirela eta. Txinan aginpidea izan zuen azken buruzagi mongoliar handia Ligdan Khan izan zen. Hark Mantxu dinastiari aurre egin zion, baina hil zenean Mongolia mantxuen esku geratu zen XVIII. menderaino. 1912an mantxuek behera egin zutenean, mongoliar printzeek Errusiako tsar-aren alde egin zuten, eta Mongolia Txinatik aske geratu zen. 1917an tsar-en errejimenak behera egin zuenean, Mongolia txinatarren esku geratu zen berriro. 1921ean errusiar gudaroste gorria Mongolian sartu zen, eta txinatarrak egotzi zituen. 1924ko urriaren 26an Mongoliako Herri Errepublika eratu zen, Txinak 1946 arte ezagutu ez zuena. ■ 1990ean Mongoliako Legebiltzarrak Herriko Alderdi Iraultzailearen monopolioa ezabatu eta, legedi berri baten bidez, alderdi aniztasuna onartu zuen. 1992an konstituzio berri bat onartu zen: demokrazia, ekonomia mistoa, hizkuntza askatasuna eta neutraltasuna kontzeptuak onartzen ziren konstituzio berri hartan. Mongoliar Herriaren Alderdi Iraultzaileak (MPRP), Alderdi Komunista ohiak alegia, gehiengoa lortu zuen urte horretako hauteskundeetan. 1993ko ekainean lehendakaria hautatzeko hauteskundeak egin ziren, eta Punsalmaagiyn Orchirbat izan zen garaile. 2004a arte Alderdi Komunista izan zen nagusi herrialdean, baina 1996-2000 bitartean oposizioko Alderdi Demokratikoak izan zuen gobernua kontrolpean. Gobernu berriak merkatu ekonomia antolatzeko erreformak jarri zituen abian. Baina erreforma horien ondorioz asko hazi zen langabetu eta pobre kopurua. 2000tik 2004ra berriro komunistak egon ziren agintean, baina 2004an behar adinako nagusitasunik lortu ez zuela-eta, koalizioko lehen gobernua osatu behar izan zuten, Aberriko Koalizio Demokratikoarekin (MDC). 2008ko legebiltzarrerako hauteskundeetan gehiengoa komunistek eskuratu zuten, baina demokratek iruzurra izan zela salatu zuten eta ez zituzten emaitza ofizialak ontzat eman. Iruzurra zela-eta, liskar eta istilu larriak gertatu ziren Mongolian. MPRP alderdiko Tsakhiagiin Elbegdorj da lehendakaria, 2005az geroztik, eta alderdi bereko Sanjaagiin Bayar Lehen Ministroa, 2007tik.
http://www.pmis.gov.mn/