Molina, César Antonio
Espainiar poeta, saiakeragilea eta kazetaria (Coruña, 1952). Zuzenbidea ikasi zuen Santiagon eta ondoren Informazioaren Zientziak Madrilgo Unibertsitatean. Azken horretan Historia de la prensa literaria desde comienzos de siglo hasta la guerra civil (Literaturako prentsaren historia mende hasieratik gerra zibila arte) doktore tesia aurkeztu zuen. Molinaren poesia oso pertsonala da, lirikotasun handikoa eta gogoeta moral eta filosofikoez betea. Poema liburuen artean aipatzekoak ditu Épica (1974, Epika), Proyecto preliminar para una arqueología de campo (1978, Lekuan lekuko arkeologia baterako aurretiko proiektua), Últimas horas en Lisca Blanca (1979, Azken orduak Lisca Blancan), Derivas (1987), El fin de Finisterre (1988, Finisterreren amaiera) galizieraz eta gaztelaniaz idatzia, Las ruinas del mundo (1991, Munduko hondakinak), Para no ir a parte alguna (1994, Inora ez joateko) eta Poemas (1995, Poemak). Itzulpengintza eta literatura kritika ere landu ditu. Diario 16 aldizkariko kultura gehigarrien zuzendari izan da eta ikerketa kritikoak eta antologiak idatzi ditu: Antología de la poesía gallega contemporánea (1984, Gaur egungo galiziar poesiaren antologia), La revista "Alfar" y la prensa literaria de su época (1984, "Alfar" aldizkaria eta bere garaiko literatura aldizkariak), Prensa literaria en Galicia (1989, Literatura aldizkariak Galizian), Sobre el iberismo y otros escritos de Literatura portuguesa (1990, Iberismoaz eta portugaldar literaturari buruzko beste idatzi batzuez), eta Medio siglo de prensa literaria española: 1900-1950 (1990, Espainiako literatura aldizkarien mende erdia: 1900-1950 ).