Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

mistizismo

iz. Erl. Gizonaren eta jainkoaren arteko batasun eta ezagutza maila erdiestea helburu duten sinesteen eta praktiken multzoa; hartarako bidea intuiziozko begiespena edo estasia da eta zentzumena eta ezagupen arrazionala alde batera uzten ditu. || Jainkoarekiko harreman zuzenetan sartzen dela uste duenaren egoera psikologikoa.  v  Historian zehar jainkoaren ezagutza zuzena, zentzumenez eta ezagupen arrazionalaz haraindikoa, erlijio nagusi guztietan azaldu da: taoismoa Txinan; yoga Indian; vajrayana eta zen budismoan; sufismoa Islamen, kabala juduen artean, etab. Mendebaleko filosofian, mistizismoaren eragin zuzena Plotinoren neoplatonismoan agertu zen lehenik; gero, San Agustinen eta San Dionisio Areopagitaren bidez eragin handia izan zuen Erdi Aroko kristatutasunean (San Bernardo, San Frantzisko Asiskoa). XIV. eta XV. mendeetan Meister Eckhart, Heinrich Seuse, Jan van Ruysbroeck, Johann Tauler, Sienako Santa Katalina eta Kempiseko Tomas mistikoak nabarmendu ziren. XVI. mendean espainiar poeta mistikoak nabarmendu ziren, Juan de la Cruz eta Santa Teresa de Jesús. Bestalde, filosofian Spinoza-k eta literaturan Goethe-k unibertsoaren egiturekin eta bideekin bat egiten duen mistizismo kosmikoa defenditu zuten.