Miró, Gabriel
Espainiar idazlea (Alacant, 1879 - Madril, 1930). Orihuelan zuzenbide ikasketak egin zituen, eta ondoren administrazio karguak izan zituen Alacanten, Bartzelonan eta Madrilen. Diario de Barcelona eta La Vanguardia egunkarietan idatzi zuen. Literatura hizkuntzaren eraberritzaile handia izan zen. Eleberri laburrak eta prosa poetikoa idatzi zuen, batez ere. 1926an, El obispo leproso (Gotzain legenduna) eleberria idatzi zuen, bere lanik garrantzitsuena. Valentziaren hegoaldean kokatzen ditu Mirók kontakizunak, Oleza izeneko herrian (Orihuela). Berak «estanpak» deitu zuen generoa ere landu zuen. Bertan, inpresioak kontatzen dira deskribaketa labur batzuetan. Halakoa da adibidez El humo dormido (1919, Ke lokartua). Hiru liburu idatzi zituen «Sigüenza» ezizenez: Del vivir (1904), Años y leguas (1928), Libro de Sigüenza (1952).