Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mir

Errusiar estazio espaziala, Lurraren inguruan dabiltzan espazio ontzietako eskifaiei bertan denboraldi luzeak egiteko aukera emateko diseinatua. 1986ko otsailearen 19an hasi zen Lurraren inguruan biraka eta 2001eko martxoaren 23an jausi zen Ozeano Barera. Austronautak Soyuz espazio ontzian iristen dira Mir estaziora, eta baita, Estatu Batuetako programa espazialari esker, espazio ontziak espazioratzeko bereziki diseinaturiko ontzietan ere. Mir-ek, zabalago egiteko diseinatua dagoen lehen egonleku espaziala, modulu zentral bakarra zuen hasieran, baina egun zazpi moduluz osatua dago. Mir-ek Salyut estazio espazialak ordezkatu zituen eta sobietarren (egun, errusiarren) programa espazial eskifaiadunen pieza zentrala bihurtu zen. Salyut estazio espazialak txikiagoak eta bakunagoak ziren, eta garrantzi handikoak izan ziren Mir egiteko behar izan zen teknologia lantzeko. Afganistan, Alemania, Austria, Estatu Batuak, Frantzia, Britainia Handia, Japonia, Kazakhstan eta Siriako astronautak errusiarrekin elkarlanean aritu dira Mir estazioan. ■ Espazio ontziak eta laguntzako ekipamendua. Mir estazio espaziala zazpi moduluz osatua dago: 109.000 kiloko pisua du, eta 19 metroko luzera. Modulu zentralak 20 bat tona ditu, eta bertan daude kontrolen zentroa eta egonlekua. 4,18 metro zabal eta 13 metro luze da. Modulu zentralaren albo banatan ate bat dago beste ontzi batzuekin elkartzeko. Atzealdeko ateak egonlekura ematen du, bere sukalde, ariketa leku, lotarako leku eta komunarekin. Egonlekuaren aurrean dagoen gunea kontrol aretoa da; areto horretako ate batek beste moduluekin elkartzeko ateak dauden lekura ematen du. Moduluak (Kvant, Kvant 2, Kristall, Spektr eta Priroda) ate nagusiarekin elkartu ziren hasieran, baina gero beso robot baten bidez zein bere atera aldatu ziren. Kvant moduluak 11 tona ditu, teleskopioak eta larrialdietarako hornigaiak daramatza, eta 1987an lotu zitzaion Mir estazioari. Kvant 2 moduluak 19 tona ditu, 1989an elkartu zen estazioarekin, eta estazioa gidatzeko tresneria, ariketak egiteko gailuak eta ibilaldi espazialetarako aurre ganbera bat daramatza. Kristall laborategi moduluak 19 tona ditu, eta 1990ean elkartu zen estazioarekin; ate bat dauka Buran sobietar ontziarekin bat egiteko. Buran programa etenda gelditu zen Sobiet Errepublika Sozialisten Batasuna desegin ondoren, 1991n, baina Atlantis espazio ontzi estatubatuarrak Buran portuarekin elkartzea lortu zuen 1995eko ekainean. Spektr laborategi modulua 1995eko maiatzean iritsi zen eta Priroda modulua 1996an, biak material zientifiko ugarirekin. Mir estazioan espazio ontzi gehiago elkartu dira aurreko estazio guztietan baino. Progress garraiolari automatizatuek –eskifaiarik gabeko hornidura lanetarako ibilgailuak– 100 tona janari baino gehiago eraman dute, erregaia, ura, airea, material zientifikoa eta pieza askeak. ■ Mir ontziaren lehenengo eskifaia Salyut 7-aren eskifaia bera izan zen, Leonid Kizim eta Vladiomir Solovyov beteranoak. Normalean austronautek sei hileko egonaldiak egiten dituzte, baina batzuetan askoz egonaldi luzeagoak egiten dituzte, grabitaterik ezak gorputzean duen eragina aztertzeko, besteak beste. Valeri Polyakov medikuak 438 egun egin zituen, gizakiak espazioan egindako egonaldirik luzeena. 1997an sute txiki bat izan zen oxigenoa sortzeko eta tenperatura kontrolatzeko sistemetan. Kosmonautek ez zuten minik hartu, baina harrezkero eskifaietako kideek eta estazioa Lurretik zaintzen duten ingeniariek estazioaren egoeraren azterketa sakonagoak egin behar izan dituzte.