Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Miozenoa

Geol. Tertziarioaren laugarren aldia, oligozenoaren eta pliozenoaren artekoa. Aldi hau duela 25 milioi urte eta 13 milioi urteen artean hedatu zen. Miozenoaren hasiera aldakuntza bortitz batek markatu zuen zenbait lekutan (itsasoa kontinentera sartu zen, itsasertz lerroa atzeratu zen, eta kontinente plataformaren gainean pilatutako jalkinak ugaldu egin ziren). Amaiera, berriz, itsas mailaren jaiste handi batek markatu zuen; Mediterraneoan, adibidez, kontinente lurralde handiak agerian geratu ziren, era horretara ekialdetik mendebalerako ugaztunen migrazioak errazten zirela. Garai hartan Alpeak altxatzen jarraitu zuten eta sumendi jarduera bortitza izan zen Karpatoetan, Frantziaren erdiko mendikateetan eta Mediterraneoaren mendebalean. Ordu arte Mediterraneoko lurraldeetan klima ekuatoriala baldin bazen ere, tenperaturak jaitsi egin ziren miozenoan, bertako klima tropikal erakoa bihurtuz. Aldi honetan asko ugaldu ziren ugaztunak, eta tenperaturak hoztearen ondorioz, hosto erorkorreko landareak nagusitu ziren.