Millet i Millet, Lluís María
Katalan musikaria (Bartzelona, 1906 - Bartzelona, 1990). Musika munduko familia bateko semea zen, eta konposizio eta zuzendari ikasketak egin zituen Bartzelonako Udal Musika Eskolan; han, Vicenç Maria de Gibert-en izan zuen irakasle. Musikagile gisa, batez ere ahotserako musika lanak egin zituen: Poema nadalenc (Gabonetako olerkia), bakarlari, koru eta orkestrarentzat; Agar, koru-olerkia, eta El rústec villancet (baserri giroko gabon kanta), lau ahots eta orkestrarako lana. Bartzelonako hainbat musika eskolatan ibili zen solfeoa, musikaren historia eta estetika, erlijio obrak, kanta herrikoiak eta sardanak irakasten, baina ospea Orfeó Català abesbatzaren zuzendari gisa hartu zuen. Koru honen zuzendaritza 1945ean hartu zuen bere gain, eta 1977an utzi behar izan zuen kargua, osasun arazoak zirela-eta. Gerra zibilaren ondoren, Millet-en ahalegin eta lan handiari esker berrosatu ahal izan zen abesbatza ezaguna.