Miller, Merton Howard
Estatubatuar ekonomista (Boston, 1923). Modigliani-Miller izeneko teorema asmatu zuen, italiar jatorriko Franco Modigliani ekonomistarekin batera. Teoria horren arabera konpainia baten jardueren errentagarritasuna garrantzitsuagoa da jarduera horietarako behar dituen finantzak lortzeko modua baino. 1990ean Ekonomiako Nobel saria jaso zuen, enpresa finantzei buruzko lanengatik; Harry Markowitz eta William Sharpe-rekin banatu zuen saria. Miller-ek Johns Hopkins Unibertsitatean egin zituen ikasketak, Baltimoren. Bigarren Mundu Gerran (1939-1945), Estatu Batuetako Ogasun sailean lan egin zuen, Erreserba Sistema Federalarentzat. 1953tik 1961era Teknologiako Carnegie Institutuan lan egin zuen. Han hasi zen Modiglianirekin lanean. Gero eskolak eman zituen Chicagoko Unibertsitatean. Izan dituen karguen artean, aipagarria da Estatu Batuetako merkataritza trukerako bi erakunde handienetako zuzendaritza, Chicago Board of Trade eta Chicago Mercantile Exchange erakundetakoa, hain zuzen.