Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Milagro

Nafarroako hegoaldeko udalerria, Aragoi eta Ebro ibaien bilgunean (Erriberriko merindadea). Mugak: iparraldean, Funes eta Alesbes, ekialdean, Alesbes eta Kadreita, mendebalean, Funes eta Rincon del Soto (Errioxa) eta hegoaldean, Alfaro (Errioxa). Garaiera, 310 m. 28,44 km2. 1999ko datuen arabera, 2.586 biztanle ditu (milagroarrak). Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza (garia, garagarra, mahatsa, barazkiak, fruitu arbolak, bazkarako landareak, zerri, behi eta ardi azienda; langileen % 54) eta haren inguruan sorturiko industria (janari industria, kontserbak; langileen % 25,5) dira. Aipagarri dira XVI. mendeko Abadeen Ama Birjina parrokia gotiko-Berpizkundekoa (XVII. mendeko erretaula manierista-barrokoa), XVII-XVIII. mendeetako Ama Birjina Zaindariaren eliza barrokoa, XVII. mendeko Carrillo de Albornoztarren etxea eta eliza, XVII. mendearen hasierako El Montecillo jauregia, XI. mendeko gazteluaren hondakinak eta XVII-XVIII. mendeetako etxe armarridunak.  v  Historia. XI. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Milagroko herria Miraculo izenaz.