Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Milan

(It. Milano). Italiako iparraldeko hiria, Lonbardiako eta izen bereko probintziako hiriburua, Po ibaiaren haranean; 1.639.351 biztanle. Biztanleen kopurua asko igo da XX. mendean. Italia osoko merkataritza eta industriagune nagusia da (siderurgia, ehungintza, kimika…). Bi aireportu ditu, eta bertan daude banketxe eta inportazio-esportazio enpresa gehienak, Centro Direzionale auzoan, batez ere. Unibertsitatea.  v  Historia. Galiarrek sortu zutela uste da (K.a. IV. mendean), eta ondoren erromatarren, Anibalen, eta berriro ere erromatarren eskuetan egon zen. Karlomagnoren aginduetara zeuden frankoek konkistatu zuten 774. urtean. IX. mendetik aurrera garrantzizko gunea osatu zuen mendebalaren eta ekialdearen arteko bidean. XV. mendean hiriak gorakada handia izan zuen, artilearen, zetaren eta lihoaren produkzio eta merkataritzari eta armagintzari esker. 1859tik aurrera Italiako erreinuaren barruan sartu zen. 1881eko Erakustaldiaren ondoren hasi zen hiriaren industrializazioa. Lehen Mundu Gerraren aurreko urteetan, eta baita gerra hasi ondoren ere, industrializazioak gora egin zuen, metalurgiak batez ere.  v  Artea. Milango monumentuen artean Il Duomo edo katedrala, Italiako gotikoko lan handia, Liburutegi Anbrosiarra (XVIII. mendea) eta La Scala opera antzoki ezaguna (XVIII. mendea) daude. Horiez gainera eliza eta jauregi asko ere badira.  v  Milango ediktua. ik. ediktu.  v  Milan herria. Italiako iparraldeko antzinako estatua. Milanen inguruko lurraldea hartzen zuen. XVI. mendean frantsesak eta espainiarrak borrokan aritu izan ziren lurralde horretaz jabetzeko. Espainiako erregetzarako gerraren ondoren Austriako inperioaren barnean sartu zen, eta Italiako erreinuan 1859an.