Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Milafranga

Lapurdiko iparraldeko udalerria, Hiriburuko kantonamenduan. Mugak: iparraldean, Baiona eta Hiriburu, ekialdean, Mugerre eta Jatsu, mendebalean, Baiona eta Basusarri eta hegoaldean, Uztaritze eta Jatsu. 17,17 km2. 1999ko datuen arabera, 1.791 biztanle (milafrangarrak). Villefranque du izen ofiziala. Auzo nagusiak: Txalduena, Beheraldea, Gelosea eta Argin-Karrika. Errobi ibaia igarotzen da bertatik. Euskara, behe-nafarrera; euskaldunak, % 68. Ekonomia jarduera nagusiak laborantza (barazkiak, artoa, bazkarako landareak) eta abere hazkuntza (behi eta ardi azienda) dira. Bertako langile ugarik Angelu-Miarritze-Baionako industrian eta administraritzan lan egiten du. Aipagarri dira Errobi ibaiaren gaineko muinoko Miotz gaztelu zaharraren hondakinak. Ibai-portu bat izan zen aspaldian Beheraldeako auzoan, Errobi ibaiaren eskuinaldean.