Mikoleta, Rafael
Bizkaitar idazle eta gramatikaria (Bilbo, 1611 - ?). Apaiza. Lizentziaduna zen, doktorea eta epailea. 1653. urtean, Modo breve de aprender la lengua Vizcayna, euskara ikasteko metodoa, idatzi zuen, baina ez zen orduan argitaratu; Ingalaterrarekin Bilbok zeuzkan merkataritza harremanak zirela eta, Londresera eraman zuten eskuizkribua, eta Sir Thomas Browneren eskuetan egon zen, harik eta British Museum-era eraman zuten arte. Handik kopiatuta, Salvador Sempere Miquel-ek argitaratu zuen lehen aldiz, Bartzelonan, 1880an. Mikoletarena da euskal gramatika bat egiteko lehen saioa. Garrantzitsua da garai hartan Bilbon hitz egiten zen euskara ezagutzeko. Liburu barruan dago, halaber, Modo de la vizcayna poesía y sus versos izeneko atala, bertso neurtze araudi bat finkatzen duena.