Michel, François-Xavier
(«Francisque-Michel» deitua). Euskalari frantsesa (Lyon, 1809 - Paris, 1887). Hasieran poesia idatzi bazuen ere, berehala hasi zen ikerketa lanetan; Erdi Aroko testuak aztertu eta argitara eman zituen. 1833-1837 bitarteko urteetan hogeita bi lan eman zituen argitara, horien artean Chanson de Roland delakoaren jatorrizko bertsioa, Ingalaterran aurkitu zuena. Hori zela eta Comité historique-ko kide izendatu zuten eta Légion d’Honneur titulua eman zioten. Era guztietako gaiak erabili zituen: zaldiak, grabatu zaharrak, ostatuak mendeetan barrena, herri literatura, antzerki ingelesa, zeta Erdi Aroan, ijitoak, eskekoak, agotak, merkataritza, etab. v Euskaldunei buruz ere idatzi zuen Francisque-Michelek. 1857an Le Pays Basque. Sa population, sa langue, ses moeurs, sa littérature et sa musique argitaratu zuen. Han ikertzen dira zehaztasun handiz iparraldeko esaera zaharrak, pastoralak, jolasak, sinesmenak, kantu zaharrak, idazleak, usadioak eta ohiturak. 1859an Le romancero du Pays Basque idatzi zuen. Francisque-Michel-i zor zaio, besteak beste, Oihenarten esaera zaharren eta neurtitzen bildumaren argitalpen berria (1847).