Michaux, Henri
Belgikan jaiotako olerkari eta margolari frantsesa (Namur, 1899 - Paris, 1984). Bidaiari handia izan zen. Lehen idazkiak 1921ekoak ditu; surrealismoaren bidetik jo zuen hasieran, Lautréamont-en eragin handiarekin, eta 1945az gero existentzialismora inguratu zen. Michaux-ren lana «barne autobiografia» modukoa da; ametsak, mamuak eta obsesioak ageri dira bertan, guztiak irudi soil distiratsuen bidez, umore anker batez, azalduak. Idatzi zituen lanen artean hauek ditu aipagarrienak: Qui je fus (1927, Izan nintzena), Un certain Plume (1930, Plume delako bat) Plume (1937), Un barbare en Asie (1933, Barbaro bat Asian), Michaux-ren obra nagusia; Entre centre et abssence (1936), Voyage en Grande-Garabagne (1936), Exorcismes (1943), Poésie pour pouvoir (1949), Misérable miracle (1956), L’infini turbulent (1957), Connaissance par les gouffres (1961, Ezagutza amildegien bidez), Moments (1973), Bras cassé (1973, Beso apurtua).