Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Miarritze

edo Biarritz. Lapurdiko hiria, izen bereko kantonamenduan. 1999ko datuen arabera, 30.055 biztanle. Lapurdiko kostaldeko beste herri batzuekin alderatuz gero, biztanleriak ez du igoera nabarmenik izan Miarritzen (1990ean baino 1.000 inguru biztanle gehiago zituen 1999an). Hala eta guztiz ere, asko ari da aldatzen tradizionalki turismoari emana izan den herri hau. Baiona eta Angelurekin batera BAB barrutiko kide da, eta esparru horretan funtzio berriak hartu ditu Miarritzek, bera baita barrutiko hainbat zerbitzuren hornitzaile. Besteak beste, erabat berriztatu dute azken urteotan Miarritzeko aireportua –egun Miarritze-Angelu-Baiona aireportua– asko handitu baita, eta terminal berria zabaldu da. Turismo tradizionalari eutsiz, kulturari, biltzarrei eta negozioei eskainitako turismorako azpiegitura berriak sortu dira 90eko hamarkadan: jaialdien jauregia bilakatu den Gare de Midi tren geltoki ohia (1991n egokitua), biltzarretarako eta beste hainbat jarduetarako egokitu den Udal Kasinoa (1994) eta Le Bellevue Biltzargunea (1999). v  Historia. Historiaurreko garaietatik bizi da jendea Miarritze aldean, bertan aurkituriko aztarnategi ugarik (Xabiagakoak bereziki) aditzera eman bezala. Egungo Miarritzeko herria X. mende aldera eratu zuten bertako arrantzaleek San Martin elizaren inguruan eta XII. mendekoa da Miarritze (Bearriz, 1150) aipatzen duen lehen dokumentua. Balea arrantzale herria zen hasieran eta XII. mendearen bukaeran ezagutu zien Akitaniako dukeak arrantza eta salmentarako eskubidea miarriztarrei. 1261ean gerra hasi zen Baionako eta Miarritzeko hirien artean, miarriztarrek harrapatutako baleen gaineko eskubideak zirela eta, 1336an, gatazka urte luze askoren ondoan, zehaztu ziren hiri bakoitzak zituen eskubideak. Hitzarmen hausteak izan ziren, halere, ondoko urte eta mendeetan. 1354an, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak alde batean eta lapurtarrak bestean ezarri zituen Ehun Urteko Gerraren garaian, elkarren arteko adiskidantzarako hitzarmen bat sinatu zuten Euskal Herriko portuek Hondarribian, Miarritzeko ordezkariak tarteko zirela. XV. mendearen hasieratik aurrera, urrunago jo behar izan zuten Miarritzeko arrantzaleek eta gainerako euskaldunek balea bila, eta horrela aurkitu zituzten Ternuako arrantza lekuak eta lurrak. 1524an, Karlos V.a enperadorearen osteek bipildu zuten Miarritzeko hiria. XVI-XVII. mendeetan neurri handi batean gaskoitu ziren Miarritzeko biztanleak. XVII. mendean hasi zen Miarritzeko arrantzaleen gainbehera eta arrantzarako biderik gabe utzi zituen Utrecht-eko hitzarmenak (1713). Miarritzen lanean ari ziren arrantzale askok alde egin behar izan zuten lan bila eta badirudi miarriztar ugari kokatu zela Pasaian. XVIII. mendean kosta-arrantzari loturiko herri xumea zen Miarritze; mende hartan egin ziren hondartza bainuak antolatzeko lehen ahaleginak. 1839an eraiki zen lehen bainu-etxea eta 1840an hasi ziren Miarritzeko eta Baionako hirien arteko komunikabideak berritzen. 1855ean egon zen Eugenia de Montijo Napoleon III.aren emaztea bertan eta enperadorearen aginduz eraiki ziren Miarritzeko portu berria eta hornidura modernoak. Frantziako bigarren inperioa erori ondoren ere (1870), hotel ugari eraiki ziren eta aristokraziaren eta aberatsen uda eta opor leku izan zen Miarritzeko hiria. 1889an bertara jo zuen Viktoria Britainia Handiko erreginak eta ingeles aberats asko erakarri zuen haren etorrerak. Mende bukaeran hazkunde bizkorra izan zuen hiriak: 1.933 biztanle zituen Miarritzek 1850. urtean eta 10.000 biztanle eta 40.000-50.000 turista 1897an. XX. mendearen hasieran, udako oporretarako Europako hiri entzutetsuena zen Miarritze. 1940. urtean, alemaniar naziak jabetu ziren hiriaz eta aldaketa nabariak eragin zituzten bertako kostaldean eta hirian. 1944ko martxoaren 27an bonbardatu zuten Miarritze aliatuen hegazkinek eta 150 hildako eragin zituzten zibilen artean. 1950 arte iraun zuen unibertsitate bat sortu zuten amerikarrek Miarritzen.