Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

metilo

iz. Kim. Erro balio-bakarra, CH3–. Alkilo talderik sinpleena da. Bakarrik ez da aurkitzen. Metilo erroa duten gaiak ugari dira kimika organikoan (propanoa, toluenoa, alkohol metilikoa, metilo kloruroa, metilzelulosa...).  v  Metilo kloruroa. Klorometanoa (CH3Cl). Gas toxikoa eta sukoia da eta arreta handiz erabili behar da. Kloroa metanoarekin edo metanola azido klorhidrikoarekin erreakzionaraziz lortzen da. Butilo gomaren ekoizpenean katalizatzailearen urtzaile gisa erabiltzen da batez ere, baina sintesi organikoan eta silikonaren polimeroen ekoizpenean ere erabiltzen da. Belarrak hiltzeko eta urtzaile gisa ere erabiltzen da, neurri apalean.  v  Metilo ioduroa. 43 °C-tan irakiten duen isurkari lurrunkorra. CH3I du formula. Alkohol metilikoa iodoarekin eta fosforoarekin erreakzionaraziz lortzen da. Metilazio eragile ona da.  v  Metilo laranja. Analisi kimikoan pH-aren erakusle gisa erabiltzen den koloregai organikoa. Azido bati eransten bazaio kolore gorria hartzen du eta hidroxido edo base bati eranstean kolore horia. Kolore aldaketa hori pH=3,1 eta pH=4,4 tartean gertatzen da.  v  Metilo gorria. Amoniakoaren eta base organiko ahulen balorazio kimikoan erakusle gisa erabiltzen den koloregai organikoa. Urari (pH=7) kolore horia ematen dio, azidoei gorri moraxka, eta baseekin kolorerik ez du hartzen.