Messiaen, Olivier
Frantses musikagilea, organista eta irakaslea (Avignon, 1908 - Paris, 1922). Parisen egin zituen musika ikasketak. Gaztetan greziar eta indiar musikaren erritmoak, kantu laua, herri musika, eta mikrotonuzko musika (semitonua baino txikiagoak diren bitarteak erabiltzen dituena) ikasi eta aztertu zituen. Txorien kantuak ere aztertu zituen, eta eskualdeka sailkatu zituen gero musika lanetan erabiltzeko. Offrandes oubliées (1931, Eskaintza ahantziak) eta Nativité du Seigneur (1938, Jainkoaren jaiotza) obrekin egin zen ezagun. 1936. urtetik eta Bigarren Mundu Gerra hasi arte Schola Cantorum eta École Normale de Musique-ko irakasle izan zen. Soldadu zela, preso egon zen Görlitz-eko kontzentrazio esparruan eta Quatour pour la fin du temps (Denboraren amaierarako kuartetoa) idatzi zuen, 1941. urtean kontzentrazio esparruan bertan estreinatu zena. Messiaen-en lan aipagarriak dira, besteak beste: orkestrarako L´Ascension (1933), Turangalila-Symphonie (1946-1948), Oiseaux exotiques (1955-1956) eta Et exspecto resurrectionem mortuorum (1964); ahots eta korurako Počmes pour moi (1936), Harawi, chant d’amour et de mort (1945), 5 rechants (1940) eta La transfiguration de Notre Seigneur Jésus Christ (1965-1969); pianorako Visions de l’Amen (1943), Regards sur l’enfant Jésus (1944) eta Catalogue d’oiseaux (1956-1958); organorako Variations écossaises (1928), L’ Ascension (1933) eta Le Corps glorieux (1930); 6 Martenot uhinetarako Fętes des belles eaux (1937).