Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mesolitoa

Geol. Paleolito eta Neolito arteko historiaurreko aldia. Paleolitoa amaitu zenetik Neolitoan sartu bitartean gertatu zen; Europan bakarrik izan zen aldi hura, ordurako (orain dela 10.000 urte inguru) Asian Neolitoan baitzeuden. Aldi hartan klima asko epeldu zen Europan, eta gizona, ehizan egiteaz gainera, fruituak biltzen ere hasi zen. Garai hartan agertu ziren arkuak eta geziak.  v  Mesolitoa Euskal Herrian. Wurms glaziazioaren azkenaldian epeltzen hasi zuen giroa, landareak han eta hemen ugaldu ziren eta mendi gorenetan baizik ez ziren geratu izotza eta elurra. Jendea leizeetatik atera eta lur behereak, haranak eta ibarrak hasi zen betetzen. Adituen ustez Mesolitoan gauzatu zen euskal gizakia. Bi aldi nagusi bereizten dira Mesolitoan: Azil aldia da lehen garaia (K.a. 9000-K.a. 6000. Frantziako Ariègeko Mas-d’Azil-eko aztarnategiak eman dio izena), Madalen aldiaren jarraian, eta Goi Mesolito edo Tardenois aldia da bigarrena, Neolitoaren atean (K.a. 6000-K.a. 4000. Astur aldia izena ere ematen zaio). Azil aldiko gizakia ehiztaria zen eta fruituak eta itsasoko soinberak jaten zituen, halaber. Ez zuen leizea erabat utzi eta Madalen aldian bezalako tresnak lantzen zituen, harriz nahiz hezurrez. Ez zituen irudiak eta grabatuak egiten haitzuloetako hormetan, eta badirudi aldakuntza handiak gertatu zirela Cro-Magnon arrazako jende haren sinesteetan eta gizarte antolamenduan. Garai honetakoak dira Itziarko Urtiagako leizean aurkitu ziren giza hezurrak. Goi Mesolitoan soinbera eta arrain gehiago jaten zen eta lan espezializazioa areagotu zen. Gizarte antolamendua konplexuagoa zen eta badirudi garai haietan hasi zirela lehen migrazioaldiak, Europatik eta Afrika aldetik. Aipagarri dira garai honetako kutun eta apaingailuak. Mouligna (Miarritze), Izturitze, Bolinkoba (Abadiño), Berroberria (Urdazuri), Ermittia (Deba), Urtiaga (Itziar), Lumentxa (Lekeitioa), eta Santimamiñeko (Kortezubi) leizeetan aurkitu dira Mesolitoko aztarna garrantzitsuenak.