Merwin, W S
Estatubatuar poeta eta itzultzailea (New York, 1927). 1971ko poesiako Pulitzer sariaren irabazlea, The Carriers of Ladders (1970, Eskailera eramaileak) poema bildumarengatik. Merwinen poemak bizitasun handikoak dira, baina aldi berean inpertsonalak. Bakardadeaz, indarkeriaz, heriotzaz eta balio moralez idazten du besteak beste. Izadiari eta animaliei buruz ere idatzi zuen hasierako poema bildumetan: The Dancing Bears (1954, Hartz dantzariak); Green with Beasts (1956). Bere poema ezagunenak The Lice (1967, Zorriak) liburuan daude bilduta. Beste zenbait lan aipagarri Opening the Hand (1983, Eskua zabalduz), Travels (1993, Bidaiak), eta The Vixen (1996) dira. Itzultzaile gisa, Espainiako eta Frantziako literaturako lanak itzuli ditu batez ere: The Poem of the Cid (1959), The Song of Roland (1963). Hitz lauz idatzi dituen lanen artean The Miner's Pale Children (1970, Meatzariaren haur zurbilak), Houses and Travellers (1977, Etxeak eta bidaiariak), Regions of Memory (1986, Memoriaren eskualdeak) dira nagusiak.